Nor gara

Errenteriako Udal Euskaltegiak 1985eko uztailaren 6an zabaldu zituen ateak. Harrezkero 15.998 ikasle eta 137 irakasle pasatu dira bertatik. Gure euskaltegiak Errenterian zein eskualde osoan, euskalduntze-alfabetatzean, euskalgintzan eta euskararen normalkuntzan ekarpen mamitsua egin du.

Zerbitzu publikoa den aldetik, herritarrei euskara irakastea eta hainbat esparrutan erabilera bultzatzea du betebehar nagusia. Horretarako, eskolan, kalean egiten diren solasak, hizketak, jarduerak burutzen ikasten du ikasleak, hala nola, okindegian ogia erosten, udaletxean eskari bat egiten eta abar. Era berean, ikasleak baliabide teknologikoak, Moodle besteak beste, eskura izaten ditu.

Irakasleak profesional eskarmentudun eta konprometituak dira, etengabe garai berrietara egokitzea helburu dutenak eta ikasketa-prozesuan gidaritza-lanetan ere trebatuak. Irakaskuntza pertsonalizatua eskaintzen zaio aurrez aurre zein autoikaskuntzan ari den ikasleari. Horrez gain, euskaltegiak ikasturtero eskariari egokitzeko ahalegina egiten du. Taldeak txikiak izaten dira eta mailaren arabera banatuak.

Errenteriako Udalaren hizkuntza politikan euskaltegiak funtzio estrategikoa betetzen du, euskalduntzearen eta alfabetatzearen lan-ildoan zerbitzu nagusia izaki. Zentzu horretan, azken urteotan, apustu sendoa egin du Udalak zerbitzuaren irisgarritasunean, errealitate soziekonomikoa ez dadin oztopo izan euskalduntzeko urratsa eman nahi duen herritarrarentzat.